XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PRENSAREN ASKATASUNA

Gotzon Ansa

egiak egingo zaitue libre ( Joan, 8, 32 )

Gizadiak gauregun duen auzirik garrantzikoenetakoa dugu au.

Ain argi agiri dan gauza danez, bere oraiñaldia erakutsi bearrik ez dago.

Alperrikakoa baita agirian dagoana azaldu nai izatea.

Gure artean batez ere, gizonak ain gartsuki eskatzen dun askatasuna ainbat kezkatzen duan arazorik ez dago.

Joan XXIII'gn Aita Santu gogoangarriaren Pacem in terris enziklika ua ze nolako poz eta alaitasunez artu genduan gogoratzea naikoa, arazo onen garrantziaz oartzeko.

Arrezkero, indar aundia artu du, Konzilio Batikano II'gn. arazo ontaz itzegiten asi danean.

Gertakizun auetxek adierazten digute, ze nolako garrantzia ematen dion Eliza berak askatasun arazo oni: naiz erlijio, naiz sindikatu, naiz prensa sallean.

Guzti auen oiñarri edo sorlekua giza-askatasun berezia izan arren, ez dira erabat berdiñak; ala balira, banatu ezin ditezken gauz bakarra izango lirake.

Onela bada, elkarrekin antza aundia duten anai batzuk dirala esan genezake.

Oraingo ontan, prensaren askatasun edo nornaik bere iritzia idazte bidez agertzeko eskubide berezi onetaz, elizaren ikasbidea, zertxobait gogorazteko asmoz nator.

Izan ere nolakoa da gaur oraindik Españi'ko prensa zuzentzen dun legea? 1938'garrengo zalaparta garai artan emandakoa.

1954-XI-12'an orduan informazioko ministro zan Arias Salgado berberak azaldu zun Españi'ko prensa-lege onen aldaketa bearra; baña, zoritxarrez ez dakigu ze eratako trabakin topo egin zuan bidean...

Ez baizan ortik aurrera joan 1962'an orain informazioko ministro dan Fraga Iribarne onek ere, lege au aldatu naia adierazi zun baña... berdiñ, azken iru urte auetan ez degu beste olako susmorik entzun.

Zorionez, Elizaren jokabidea arazo ontan ez da berdiña.

Argitasun guztiz giza-eskubide ta legeak erakusten dizkigu.

Nor ote da gizona Jaungoikoak gizonari berez jarritako legeak aldatzeko?

Naiko ote da, erri txiki bat, bestea baño kaxkarrago edo aulago izatea, bat bestearen atzamarretan erori bear izateko? Lege naturalaren adierazle diran Aita Santuak diotenez, ez!

Eta ain zuzen ere, auxe da kristau izenez deituak izatea nai dugun guztiok jarrai bear degun bidea.

Leen mallako katolizismoakin deitzen ditugun agintari batzuk oso belarri-gogor dira eta Elizaren abotsa basamortuan deadarka ari danaren ots ( Joan, 1, 13 ) biurtzen da.

Ikus dezagun, bada, zer eta nola ulertu bear degun prensaren askatasuna esatean, Aita Santuak gai ontaz eman dizkiguten erakusbide batzuk gogoratuaz.

1963-IV-11'an Joan XXIII'gn. Aita Santu gogoangarriak Pacem in terris enziklika mamitsu artan onela zion askatasunari buruz: Giza-askatasuna eiatik datorkigu.

Onela esan dezakegu facultas voluntatis rationis edo adimen eta borondatearen almena; beraz, bear-bearrezkoa degu adimena gure askatasunarekiko jokabide guztietan erabiltzea.

Eta berdin idaztean, orrela bakarrik agertzen baita gizon baten nortasuna.

Pasio edo griñaren batengatik adimena itxuturik ari bagera askatasuna erabat urratu eta ondatuta gelditzen da.

Ajolagabekeriz bi eta bi bost dirala esateak edo oker esan degun zerbait mukerkeriz eusteak, askatasuna ez du izpirik ere aziko.

Baña bai, egi aundi eta oiñarrietakoeri zintzoki jarraitzeak.